Oihala gora Dantzertin
Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Cristina Uriarte sailburuak hasiera eman diote Dantzerti -Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolaren lehen ikasturteari
Orain Dantzertiren egoitza ere baden Bilboko Juan Crisostomo Arriaga Musika Kontserbatorioan burutu den ekitaldiarekin, Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak hasiera ofiziala eman diote Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolaren lehen ikasturteari, Dantzertiren lehen ikasturteari.
Ekitaldian, ezin zitekeen-eta bestela izan gisa honetako eskola batean, dantza eta antzerki ikuskizunek ere izan dute pisua. Amaya Galeotek zuzentzen duen Danza 180º konpainiako Iker Karrera eta Fernando Lazaro dantzariek, euskal eszenatokian hiru hamarkada daramatzan Markeliñe antzerki taldearekin batera, Dantzertiko lehen ikasturte honetako irekiera ekitaldian egon nahi izan dute. Izan ere, horixe da goi mailako eskola honen helburua: arte eszenikoetan arituko diren etorkizuneko profesionalak prestatzea.
Ekitaldiaren ondoren, Dantzertiko instalazioak bistatzeko aukera izan dute Lehendakariak eta sailburuak, zentroko zuzendari Ekaitz Gonzalez Urretxok gidatuta. Bilboko Juan Crisostomo Arriaga Musika Kontserbatorioan du egoitza Dantzertik.
2015-2016 ikasturtea 25 ikaslerekin abiatu da aste honetan Dantzertin. Arte Dramatikoa modalitatekoak dira 15, eta Dantzakoak gainerako 10ak. Horiexek dira Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolako lehen promozioko ikasleak. Beste 10 irakaslek osatzen duten taldea ari da arduratzen dagoeneko ikasle hauen prestakuntzaz, Ekaitz Gonzalez Urretxuren zuzendaritzapean. 29 urteko donostiarrak hartu du Dantzartiren zuzendaritza ardura. Historian lizentziatua da Gonzalez, Aitzin eta Erdi Aroan espezialitatean. Horrez gain, Arte Dramatiko Goi Titulua ere badu, Eszena Zuzendaritzan eta Dramaturgian espezializatua, Bartzelonako Diputazioko Institut del Teatren. Arte eszenikoen arloan lan esperientzia zabala du, opera ikuskizunetako artezle lanetan, zuzendari laguntzaile zenbait antzerki taldetan, eta baita aktore ere, telebistako telesailetan.