Nola baretu nerbioak sarbide-probetan
Gutxi geratzen da izena emateko epea ireki dadin eta, Goi-mailako Antzezpen Eskola berrian ikasi nahi duzuen guztiok jakingo duzuenez, plazak mugatuta daude. Nahi ala ez, urduri jartzen gaitu horrek, gauzak ongi egin nahi ditugulako eta Dantzerti eskolako lehen promozioan sartu nahi dugulako.
Gure aldetik, lasaitasuna transmititzeaz eta zorte ona opatzeaz gain, aholku batzuk ere emango dizkizuegu Eskolan sartzeko probetan nerbioek goberna ez zaitzateten.
Proben aurretik estres apur bat sentitzea ez dago gaizki, erne izango garelako eta buru-belarri prestatzen lagunduko digulako, baina estres horren ondorioz nerbioak baretu ezinean bagaude edo burua hutsik geratzen bazaigu, laguntza eskatu beharko dugu...
Prestatu probak behar bezala
Dantzerti eskolatik gomendatzen dizugu probak beharrezko denboraz prestatzea, horrek konfiantza emango dizulako zeure buruarengan. Zeure buruarengan zenbat eta konfiantza handiagoa izan, orduan eta ziurrago izango duzu ongi egingo duzula. Eta ongi egitea espero baduzu, lehen urduritasun uneak igarota, lasaiago egingo dituzu probak.
Kontrolatu pentsamenduak
Pentsamendu negatiboak etengabe sortzeak antsietate maila igotzen du. Saia zaitez zeure burua behartzen pentsamendu ezkorrak ("ziur nago ez dudala gaindituko", "ez dut neure burua behar bezala prestatu") pentsamendu baikorrekin ordeztera ("indar guztiekin egin dut lan", "ongi egin dezaket", "ez dut egin beharko egiten ez dakidan ezer"). Horrela jokatuta, lasaitu egingo zara eta estres maila jaitsiko zaizu.
Hartu arnasa eta lasaitu
Lasaitzeko hobekien funtzionatzen duen tekniketako bat da arnasketa erlaxatzailea. Estresak arnasketa aldatzen du eta, beraz, arnasketa aldatuta, estresa arindu egin daiteke.Egun bat baino gehiago behar izaten denez hori egiten ikasteko, egunero praktikatzea gomendatzen dizugu, proba egiteko unea iristen denean, nerbioak baretzeko teknika barneratuta izateko.
Ez eman amore lehen oztopa aurkitzean
Akats bat egin eta atzera bueltarik ez daukala jakitea da urdurien jar gaitzakeen gauzetako bat. Gertaera horri konfiantza jaten uzten badiogu, probetan porrot egiteko aukera gehiago izango ditugu. Hanka sartu dugula onartzen badugu eta pentsatzen badugu ez dela ezer gertatu, oraindik puntuazioa altxatzeko aukera dugula, askoz hobeto egingo dugu. Onartu egindako akatsak eta eutsi goiari.
Horiek esanda, zorte on guztioi, ziur bikain egingo duzuela!