DANTZERTIK ARTE DRAMATIKOAN ETA DANTZAN GRADUATUTAKO PERTSONAK BIGARREN HEZKUNTZAKO MUSIKA ESPEZIALITATEAN SARTZEA LORTU DU
DANTZERTIK ARTE DRAMATIKOAN ETA DANTZAN GRADUATUTAKO PERTSONAK BIGARREN HEZKUNTZAKO MUSIKA ESPEZIALITATEAN SARTZEA LORTU DU
Arte Dramatikoko eta Dantzako goi-mailako arte-irakaskuntzetan graduatutako pertsonak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Bigarren Hezkuntzako musika-espezialitateko irakaskuntza-zerrendetan sartu ahal izango dira; betiere ezarritako baldintzak betetzen badituzte, besteak beste, Irakasleen Prestakuntzako Masterra eta dagokion hizkuntza-egiaztapena aurkeztuta.
Neurria aurrerapen garrantzitsua da Goi Mailako Arte Irakaskuntzen onarpen akademiko eta profesionalerako, eta lan-aukera berriak irekitzen dizkie DANTZERTI Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantzako Goi Mailako Eskolako tituludunei. Lorpen hori DANTZERTIko Zuzendaritzak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari bideratutako gestioen emaitza da. Lan hori azken urteotan garatu da, Arte Dramatikoan eta Dantzan graduatutako pertsonei beren prestakuntza eta gaitasunak guztiz egokiak diren bide profesional batera iristea eragozten zien egoera bat zuzentzeko helburuarekin.
Prozesu horretan zehar, DANTZERTIk Arte Dramatikoko eta Dantzako goi-mailako ikasketei hezkuntzaren esparruan dagokien errekonozimendua aitortzea defendatu du, titulazio horiek maila akademikoan duten balioa zein irakaskuntzari eman diezaizkioketen gaitasun artistiko, pedagogiko, komunikatibo eta sortzaileak balioetsiz.
Titulazio horiek Musikako irakaskuntza-zerrendetan sartzea mugarri bat da Euskadiko goi-mailako arte-irakaskuntzetarako, eta goi-mailako hezkuntzako titulazioen arteko aukera-berdintasuna bermatzera bideratutako aldarrikapen historiko bati erantzuten dio.
Erabaki horrek, gainera, Arte Dramatikoko eta Dantzako Goi Mailako Arte Irakaskuntzetako Graduen kalitatea eta baliozkotasuna benetan aitortzea dakar, hezkuntza-sisteman erabat integratzea indartuz eta graduok egiten dituztenen irteera profesionalak zabalduz.
DANTZERTIko zuzendaritza-taldeak oso positibotzat jo du Hezkuntza Sailak lan-prozesu osoan erakutsitako jarrera eta lankidetza, eta uste du neurri horrek arte-irakaskuntzek euskal hezkuntza-sisteman duten presentzia indartzen lagunduko duela.
DANTZERTIk lanean jarraituko du ikasleen eta ikasketak amaitu dituzten pertsonen aukera profesionalak hobetzeko, bai eta goi-mailako arte-irakaskuntzen onarpen instituzionala, akademikoa eta soziala bultzatzen jarraitzeko ere.
DANTZERTIri buruz
DANTZERTI Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantzako Goi Mailako Eskola da. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren pean, Arte Dramatikoko eta Dantzako Goi Mailako Arte Irakaskuntzetako Graduak ematen ditu, eta arte eszenikoetako profesionalen etorkizuneko belaunaldiak trebatzen ditu.